XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Azkenean, inkontzientzia delako hura zer zen galdetu behar izan zuen.

Gauzak oharkabean, gehiegi konturatu gabe egitea dela, esan zion aitatxok.

- Gauzak, ekidin ahal izan gabe egiten dira, eskuak beren gisa joango balira bezala.

Elvisek ulertu zuen.

Berari gertatu zitzaiona, hain zuzen.

Ez zuen pentsatu zertan ari zen, besterik gabe egin egin zuen.

- Baina eskuak ez zitzaizkidan erabat beren gisa joaten - aitortu zuen.

Ez zuen behar baino gezur gehiago esan nahi.

Aitatxo barrez hasi eta ez zuela kortinei buruz ezertxo ere gehiago entzun nahi esan zuen, bazuela besterik pentsatzeko.

Baina amatxorentzat kortinena izugarri inportantea zen eta ezin zuen haiei buruz mintzatu gabe egon.

Jakin nahi zuen zergatik egin zuen hura.

Eta, gainera, barkamena eska ziezaion lortu behar zuen.

Azken hau lortu zuen.

Baina ados egon gabe segitzen zuen.

Zergatik egin zuen behar zuen jakin.

Ez zuen inkontzientziaren kontu hura sinesten.

Beste zeozer egon behar zuen, ziur zen horretaz.

Ez zekien, ordea, zer.

Eta nahiz eta askotan galdetu, ez zuen atarramendu onik ateratzen.

- Ume honekin hitzegitea, ura saski batera botatzea bezala da - kontatu zion geroago bere lagun Mairi telefonoz.

Ez, amatxok ez dio deus ateratzen Elvisi, berak ongi bait daki zer konta diezaiokeen eta zer ez.

Anarosari buruz ezin du ezta fitsik ere esan.

Amatxok debekatuta dio Anarosa Pettersson-ekin ibiltzea.

Beraz, ezin izango dio inoiz aitortu Anarosa eta Helgarena.

Egin dezakeen gauza bakarra belarriak itxi eta isilik egotea da, amak guztia ahantzi eta buruan beste gauzaren bat hartu dezan arte.